lunes, 6 de marzo de 2017

Azken txanpa!!

Aste bat igaro da eta hemen gaituzue berriro!!

Kurtsoko azken astea dugu unibertsitatean, eta jada urduritasunak nabaritzen hasiak dira. Aste honetan azkenengo entsegua eta antzerkiaren aurkezpena daukagu. Gure proiektua bere amaierara heltzen ari da eta egia esan, alde batetik gogotsu gaude, baina beste batetik oso urduri. Izan ere, orain arte izandako entseguetan gauza batzuk ez dira guk nahi bezala atera. Beraz, azkenengo entseguan dena ondo antolatuta eta prest utzi behar dugu, proiektuaren aurkezpenean dena ondo irten dadin. 

Antzezlaneko atrezzoari dagokionez, oraindik ere gauza batzuk amaitzear ditugu, baina zorionez, azkar bukatu ditzakegun gauzak dira, konplexutasunik gabekoak. Pertsonaien janzkerak ordea, amaituta dauzkagu, eta horrek ere atrezzoko objektuetan zentratzeko aukera gehiago ematen digu. 

Lan idatziei dagokienez, aipatu beharra daukagu proiektuaren inguruko lana amaituta dagoela, nahiz eta oraindik zuzenketa batzuk burutu behar izan. Hala ere, Hizkuntza Plastiko eta Ikusizkoa izeneko irakasgaian, lan bat amaitzear daukagu, eta honek ere gure estresa areagotzen du. 

Laburbilduz, aste hau nahiko estresantea izango dela sumatzen dugu, gelditzeko aukerarik emango ez diguna. Beraz, arnasa sakon hartzea eta guztiari ahal den moduan aurre egitea tokatzen zaigu, dauzkagun indar guztiak ateraz. 

Antzezlanaren aurkezpena aste honetan izango denez, honen sipnosia utziko dizuegu ondorengo lerroetan, baina benetan zer gertatzen den ikusi nahi baduzue, ostegunean eguerdiko 14:00etan, Hezkuntza eta Kirol fakultateko gimnasioan itxaroten zaituztegu. Besterik gabe, aipatu moduan, hona hemen sipnosia: 

Egun batean protagonistaren gurasoak janari bila joan ziren. Txoria bakarrik zegoela, haize bolada batek bere habia basoan barrena eraman zuen. Noraezean sentitzerakoan bere gurasoen falta sumatu zuen. Hain txikia zenez ez zekien hegan egiten eta basotik ibiliz haien bila abiatu zen. Bidean barrena pertsonaia desberdinekin topo egin zuen eta hauek haien laguntza eskaini zioten autonomia mota desberdinak azalduz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario